Juan Mª Atutxa Mendiola
(Sabino Arana Fundazioaren Lehendakaria)
Iazko irailaren 24an ere agertu ginen zuen aurrera prentsaurreko batean, eta han jakinarazi genizuen Batzorde Antolatzaile bat sortu genuela, eta berori arduratuko zela, Jose Antonio Agirre Lekube lehenengo euskal lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiez.
Harrezkero, gaur zuen aurrera agertzen den Batzorde hau eratzen joan gara, agertzea honako hauen ordezkari gisa egiten dugularik:
- Agirre lehendakariaren senideak
- Anton Irala, Xabier Landaburu eta Jesus Maria Leizaolaren senideak
- Eusko Jaurlaritza
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiak
- EHU eta Deustuko Unibertsitatea
- Bilbo, Getxo eta Donibane Lohitzuneko udalak
- EAJ-PNV
- Bilboko Athletic Club
- Ludger Mees
- Sabino Arana Fundazioa
Denbora horretan Batzordea bost bider bildu da, eta gaur eta hona agertzen da, orain arte egindako lanaren emaitza jakinarazteko, hau da, Agirre lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien egitaraua aurkezteko.
Egitarau hori gainetik azaltzen hasi baino lehen, utzidazue, mesedez, oroitzapen honen arrazoiak, zergatiak, adierazten.
Lehenengo eta behin, uste dugulako Agirre lehendakariak, eta harekin batera, beraren gobernua eta belaunaldi hartako gizon eta emakumeek, ondorengo belaunaldien esker oneko gorazarrerik beroena eta hunkigarriena merezi dutela. Gerraren izugarrikeriak —haietako askok II. Mundu Gerrarenak ere bai—, gosea, errepresioa, kartzela eta erbestaldia jasan zituzten. Baina beti eutsi zioten pizturik duintasunaren eta askatasunaren garrari. Eta gorazarre hori eta esker on hori gaur gauzatzen ditugu, Agirre lehendakariaren figura, haren ibilbidea, izari politikoa eta giza izaria, eta laga zigun ondarea, gogoratuz eta balioetsiz.
Eta egiten dugu hori, iragana birgogoratuz, bai, baina gaur egunekotik abiatuta eta begirada etorkizunean ipinita. Zilegi bekit, aipu batzuk ekarri ditzadan hona: “Uler gaitzazue, errespeta gaitzazue, utziguzue geure burua askatasunez goberna dezagun”; “etorkizuneko zeregina denon eginkizuna izango da”; “askatasuna ondare unibertsala izan da eta izango da”; “denoi deika ditugu bakearen aldeko zereginak”. Agirre lehendakariaren hitzak dira, orain dela mende-erdi baino gehiago esandakoak, baina, ezbairik gabe, gaur ere berdin-berdin esan litezkeenak. Hitz horiek askatasunaz, justiziaz, humanismoaz, demokraziaz eta bakeaz ari zaizkigu; hain zuzen ere, gaur egun Euskadirentzat eta mundu osoarentzat aldarrikatzen ditugun balioak. Horrexegatik gaude gaur ere hemen.
Horixe da, bada, oroitzapen hau iradokitzen duen espiritua. Eta espiritu hori ekitaldi-egitarau ugari batean gauzatu dugu. Banatu zaizuen dossierrean daukazue egitaraua. Ez dizkizuet orain ekitaldi guztiak banan-banan zehaztuko. Ekitaldiok askotarikoak dira: instituzionalak, akademikoak, kulturalak, jolas-jarduerak, eta abar. Lehenen aipatu ditudanen artean nabarmentzekoak dira: datorren martxoaren 6an Lehendakaritzan egingo den ekitaldi instituzionala; martxoaren 23an, Begoñako basilikan, ospatuko den meza, edo Donibane Lohitzunen, apirilaren 11n, egingo diren ekitaldiak. Eta, dossierrean ikusi ahal duzuen bezala, beste asko ere badaude: Donostiako Udako Ikastaroak; Santanderreko Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatea; erakusketak, jardunaldiak, hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, Agirreren testuen irakurraldiak, omenaldiak, eta Gernikako ekitaldia, zein urriaren 7an, lehenengo lehendakariaren zin egitearen eta lehenengo Eusko Jaurlaritza eratzearen urteurrenean, egingo baita. Ekitaldiotan, batzuetan batzuek nahiz beste batzuetan beste batzuek, gure instituzioetako goi ordezkariek parte hartuko dute.
Ekitaldi horiek guztiek, inongo zalantza barik, Agirre lehendakariaren figura eta pertsona balioesten lagunduko dute. Eta, horretaz guztiaz gain, ziur nago, sentimendua eta zirrara jariatuko zaizkien ekitaldiak izango direla.
Zirriborratu berri dizuedan egitarau horretaz gain, ospakizunak beste harroin bat ere izango du: web orri bat, lehendakariagirre.eu web orria, une honexetatik aurrera sarean aktibaturik egongo dena.
Web orri horretan, Agirre lehendakariarekin zerikusia duten eta gaur egun eskura dauden dokumentu, argazki, soinu-grabazio eta dokumental guztiak egongo dira, baita bideo berri bat, animazio bat, gizarte-sareetarako sarbideak eta abar ere. Web orri hori, asmoa da, 50. urteurren honen bihotz eta eragile bihur dadila. Nolanahi ere, horren aurkezpena Jose Antonio Rodriguez Ranzek egingo dizue; historialaria, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Batzordeko kidea da.
EGITARAUA / EGUTEGIA
Otsailak 24: Ekitaldien egitarauaren eta www.lehendakariagirre.eu web orriaren aurkezpena.
Martxoak 6: Ekitaldi instituzionala Lehendakaritzan.
Martxoak 23: Gomuta-meza Begoñako Basilikan.
Martxoak 26: Hermes aldizkariaren zenbaki monografiko bat argitaratuko da, Agirre lehendakaria gai hartuta.
Apirilak 11: Lore-eskaintza Donibane Lohitzuneko hilerrian, eta gomuta-meza.
Apirilak 15: Ekitaldi instituzionala Getxon. Azaroan Agirreren izaera munizipalistari buruzko ikerlan baten emaitzak aurkeztuko dira.
Ekainak 21: Ekitaldi instituzionala Erzilla kalean dagoen Lehendakariaren monumentuan. Ondoren, Carlton hotelean Agirreren testuak irakurriko dira.
Uztailaren 5, 6, 7 eta 8an: EHUren Udako Ikastaroa Miramar jauregian: “Nork egiten du historia? Buruzagitza XX. mendeko politikagintzan”
Abuztuaren 30 eta 31n eta irailaren 1, 2 eta 3an: Udako Ikastaroa Santanderreko Menendez Pelayo Unibertsitatean: “Estatuak, nazioak eta erregioak, Europa eraikitzerakoan”.
Urriak 7: Agirre lehendakariaren zin egitearen antzezpena Gernikan
Apiril-maiatzetan: Erakusketa eta hitzaldia Athletic Club-ek antolatuta.
Maiatza/Iraila: Jardunaldiak Deustuko Unibertsitatean: “Gizarteari buruzko kristau pentsamoldea XXI. mendean”.
Maiatza: "Agirre lehendakariaren egunkariak”en argitalpen faksimilaren aurkezpena.
Ekaina/Uztaila/Iraila: “Agirre lehendakaria eta berak izan dituen gobernuak” erakusketa.
Iraila: Ekitaldi instituzionala eta akademikoa Columbiako Unibertsitatean (New York).