• Ehun bat apaiz izango ditu lagun
• Ospakizuna datorren asteartean, martxoak 23, izango da, arratsaldeko 18:00etan, Begoñako Basilikan.
• Gure Herriko instituzioetako goi ordezkari zenbaitek baieztatu dute jadanik, ekitaldian izango direna: Arantza Quiroga, Rafael Bengoa, Iñigo Urkullu, J. L. Bilbao, X. Agirre, M. Olano, I. Azkuna, Iñaki Oyarzabal, J.J. Ibarretxe, etab.
Ricardo Blázquez Bilboko gotzainak emango du, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurreneko gomuta-meza; meza datorren asteartean, martxoaren 23an, ospatuko da Begoñako Amaren Basilikan.
Elizkizunean Blazquez monsinoreak Santutegiko erretore Jesus Garitaonandia eta beste ia ehun apaiz izango ditu lagun. Bertan parte hartuko dute, halaber, Bilboko Koral Elkarteak eta Bilboko Udalaren txistulari-taldeak.
Meza ostean, Beti Jai Alai dantza-taldeak Begoñako Andra Mari zortzikoa dantzatuko du.
Datorren asteartean Begoñako Basilikan egongo direla baieztatu duten agintarien artean, aipa daitezke, besteak beste: Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari Iñigo Urkullu; Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoa; Juan Jose Ibarretxe lehendakaria; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano, hurrenez hurren; Iñaki Azkuna Bilboko alkatea; Euskal Herriko Partido Popularreko presidente, Iñaki Oyarzabal; Athletic Club-eko presidente, Fernando García Macua; Jokin Bildarratz EUDELeko presidentea; Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxa; EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzar; Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohia; Aintzane eta Joseba Agirre (Lehendakariaren seme-alabak); Joseba Leizaola (lehenengo Eusko Jaurlaritzako sailburu eta Agirre hil osteko lehendakariaren iloba); Imanol Landa, Getxoko alkate, besteak beste.
Agirre lehendakaria orain dela 50 urte, 1960ko martxoaren 22an, hil zen, Parisen, eta Agirre lehendakariaren aldeko gomuta-meza hau “AL50 Agirre Lehendakaria Batzordea”k, heriotza haren 50. urteurrena ospatzeko, 2010erako antolatu dituen ekitaldi ugarietako bat da.
Lehenengo ekitaldia joan den martxoaren 6an agitu zen Lehendakaritzan. Patxi Lopez lehendakariak Gernikako Arbolaren Gurutzea eman zien Jose Antonio Agirreren seme-alabei, eta aldi berean lehenengo euskal gobernua osatu zuten sailburuen senideak ere omendu zituen.
Horri jarraituko zaio, datorren asteartean, martxoaren 23an, Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak emango duen gomuta-meza. Eta apirilaren 11n beste ekitaldi batzuk izango dira Donibane Lohitzunen. Baina baita uda-ikastaroak ere izango dira, Donostian eta Santanderreko Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, edo erakusketak, jardunaldiak, liburu-aurkezpenak, Agirreren testuen irakurraldiak, eta beste zenbait gorazarre, edo ekitaldi bat Gernikan, urriaren 7an, lehenengo Lehendakariaren zin egitearen eta lehenengo Eusko Jaurlaritza eratzearen urteurrenean. Ekitaldi horietan, batean edo bestean, gure instituzioetako goi ordezkariek parte hartuko dute.