Agirreren heriotzaren 50. urteurrenean
HERMESek zenbaki berezi bat eskaini dio Jose Antonio Agirre lehendakariari
Orain dela ia hamar urte, 2001eko urtarrilean, ikusi zuen argia lehen aldiz Hermes aldizkariaren 0 zenbakiak, 1917 hartan izen berarekin sortutako aldizkariaren ondorengoa, hain zuzen. Aurkezpen-editorialean Hermes “pentsamendu eta historia aldizkari gisa agertzen zen, euskal nazio-identitatea berresteko eta garatzeko helburuarekin, pertsonaren funtsezko eskubideekiko begirune haustezinean oinarrituta”. Hermesek bere gain hartu zuen euskal gizartearen pluraltasuna”, adierazteaz batera “autodeterminazio-eskubidea baliatzea dela herrien askatasun politikoaren adierazpena”.
Pertsona, herria, nazioa, askatasun politikoa, autodeterminazioa, pluraltasuna… Agirreren ideien funtsezko harroinak ere badira. Horrexegatik, bada, eta lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrenean, Sabino Arana Fundazioak argitaratzen duen Hermes pentsamendu eta historia aldizkariak zenbaki monografiko bat aterako du XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuena izan denaren figuraren glosa egiteko.
Aipatu argitarapenean EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkulluren eta bizirik dauden hiru lehendakari abertzaleen –Garaikoetxea, Ardanza eta Ibarretxe— gogoeta bana jaso dira, baita Iñaki Anasagastik Manuel Irujori 1975ean, Caracas-en, Agirreri buruz egindako elkarrizketa inoiz argitaratu gabe bat ere, edo Ludger Mees eta Xosé M. Nuñez Xeisas irakasleen, Iñaki Goiogana historialariaren eta Andrés Urrutia euskaltzainburuaren artikulu bana. Horiez gain, dokumentu-eranskin batek, argazki-album batek eta hartarakoxe egindako bost arte-kolaboraziok osatzen dute Hermes aldizkariaren zenbaki hau.
Aldizkariko zuzendariak, José Antonio Rodríguez Ranz irakasleak, 2010 urte honetaz mintzatzean, AL50 urtea deitu dio. Urteetan zehar euskaldunok —adierazi du— bizirik eutsi diogu, zatika bada ere, lehendakariaren oroitzapenari; loreak ezarri ditugu haren hilobian, Donibanen Lohitzunen; urteurren-mezak antolatu, gure herrietako hainbat kale eta plazari haren izena ipini… Aurten beste urrats bat egin nahi dugu, alegia: zor bat kitatu nahi dugu, urte arras latzetan duintasunaren, askatasunaren eta legitimitate demokratikoaren garrari bizirik eusten jakin zutenak goretsi eta eskertu. Balioetsi nahi dugu pertsona, politikaria, euskaldun guztien lehendakaria, gaur egun, 50 urte igaro direlarik, XXI. mendeko euskaldunentzat bide-orri ezin hobea izaten segitzen duten balio batzuk —demokrazia, askatasuna, humanismoa, gizarte-justizia, europazaletasuna, unibertsaltasunerako jaidura, nazio-batasuna, autogobernua, bakea, elkarrizketa…— hezurmamitu zituen gizona. 50 urte geroago, Agirreren izpirituak bizirik dirau, Agirreren bihotzak taupaka darrai”.
Aurkezpen ekitaldian Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok, Agirre lehendakariaren semeak eta Hermes aldizkariaren zuzendari Jose Antonio Rodríguez Ranz-ek parte hartu dute. Hauetaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretora lehendakariaren alaba, Aintzane Agirre, Juan Mª Atutxa, Pedro Miguel Etxenike, Arantza Urretabizkaia, Inaxio Oliveri, Joseba Egibar, Luke Uribe-Etxeberria, Jean-Claude Larronde eta Leyre Arrieta historialariak, Xabier Ezeizarbarrena, Jose Ramon Beloki, Joseba Andoni Agirretxea, Andoni Irala, Joseba Leizaola, Miren Azkarate, Mª Karmen Garmendia, Iñaki Agirre, Gerardo Bujanda eta Mª Eugenia Arrizabalaga hurbildu dira, besteak beste.
Nabarmenak:
Iñigo Urkullu: Agirre, ados
“EAJ_PNVk gaur egun euskal gizarteari egiten dion proposamenak, Agirre lehendakariak aldeztu zituen printzipio berberak ditu iturri, eta Euskadiko gehiengo sozial, kultural eta politikoa defendatzen du”.
Carlos Garaikoetxea: Jose Antonio Agirre, buruzagi handietako bat
“Haren oroipenak [Agirreren oroipenak], Euskal Herria nazio gisa errebindikatzearen justuan sinetsita geundelarik, haren irmotasun demokratikoa eta hark politikagintzaz zuen ikusmolde etikoa jarraitu beharreko eredua zirela uste dugunok inspiratzen segitu zuen”.
Jose Antonio Ardanza: Jose Antonio Agirre gogoan
“Agirre lehendakariaren belaunaldiak […] erein zuen hazi hura ez zen alferrekoa izan. Haiei jarraitu gintzaizkienen belaunaldiak […] ezin huts egin geniezaiekeen, eta uste dut ez geniela huts egin. Hurrengo belaunaldiwk jakingo ahal dute hark hasitako bidean jarraitzen, harik eta amestutako aberri libre eta demokratiko hori jadetsi arte”.
Juan Jose Ibarretxe: Agirre, lehendakaria, aita… pertsona
“Abertzalea izanik, gaur egun gure bekatuak atzo Agirreri leporatu zizkioten berberak dira. Lehendakariak halako bi eduki zituen: demokrata izatea eta abertzalea izatea”.
Manuel Irujo, Iñaki Anasagastik egin zion elkarrizketan
“[1931ko irailean] Euskal Herriko alkateen % 80 agertu ziren Madrilera, eta hara non haiek beren burutzat aurpegi garbiko mutil bat aurkeztu zuten, buruargia, atsegina, adeitsua, jendetasun handikoa, giza afektu handikoa eta balio pertsonal apartekoa bera. Eta, zertan esanik ez, herriaren gizon gisa sustraitu zen”.
Ludger Mees: Aguirre 1960 atzo, 2010 hoy
“Autokritikarako gaitasuna; nahimen errimea, arazoak konpontzeko; malgutasun pragmatikoa eta irmotasuna usteetan eta balioetan; ekina, desberdinen arteko adostasunak bilatzen, eta azkenik, hori guztia demokraziaren balio gorena gauzatzea xede, jarrera eta helburu gisa: XXI. mendearen hasieran edozein politikarirentzat, euskalduna barne, ezagutzen al du inork jarraibide-eskulibururik, lehenengo lehendakariak, orain dela 50 urteko heriotza goiztiarra gertatu artean, prestatutakoa baino hoberik?”.
Iñaki Goiogana: Zibilizazio kristauaren alde! Aberriaren askatasunaren alde! Gizarte-justiziaren alde!
“Agirrek bere kanpainako goiburu bihurtuko zena jaulki zuen: Zibilizazio kristauaren alde! Aberriaren askatasunaren alde! Gizarte-justiziaren alde!
Xosé M. Núñez Seixas: “¿O líder de todos nós?”. Aguirre, Castelao y el nacionalismo gallego
Castelaok, Agirre aipatuz: “Galeuzcaren ezbairik bako burua […] o líder de todos nós […] zeu zaitugu Espainiarako edozein politika eraginkorren giltza, eta itzulteraren ordua hel dadinean, zu bilatuko zaituzte denek, zurekin batera lehorreratzeko”.
Andres Urrutia: Agirre eta euskara: egitasmo baten gazi-gozoak
“Duda-mudarik gabe, Agirrek bazituen euskararekiko joera eta jokaera […] Agirreri eta beraren belaunaldiari zor diegu, besteak beste, euskararen eta euskalgintzaren lehen artikulazio osoa, gero administraziora eta gizartera eraman nahi izan zena”.
Dokumentuak:
• Ministerioaren Adierazpena, 1936ko urria.
• Turtziozko Adierazpena, 1937ko ekaina.
• Baionako Ituna, 1945eko martxoa.
• Gabonetako azken mezua, 1959ko abendua
• “José Antonio y su optimismo”, Indalecio Prietok, El Socialista agerkarian, 1960ko apirila.
“[Agirrek] ezin ekidinezko desegigoaren unera bertara arte, sinetsita egon zen garaituko ginela, eta “porrota” gertatu ostean ere, geure askatasunak berreskuratzearen bezperan bizi ginela uste izan zuen. Itxaropen horrekin hil da”.
Arte-kolaborazioak
• José Javier Lacalle (Laka)
• Xabier Egaña
• Gotzon Etxeberria
• Koldo Etxebarria
• Inés Medina
BATZORDE ANTOLATZAILEA
COMISION ORGANIZADORA
AGIRRE LEHENDAKARIAren heriotzaren 50. urteurrena
50 aniversario del fallecimiento del LEHENDAKARI AGIRRE
Agirre familia
Leizaola familia
Landaburu familia
Irala familia
Ludger Mees
Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco
Foru Aldundiak / Diputaciones: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Udalak / Ayuntamientos: Bilbao, Donibane Lohitzun eta Getxo
EAJ-PNV
Athletic Club
Sabino Arana Fundazioa
UPV/EHU
Universidad de Deustuko Unibertsitatea