EU | ES | EN | FR

BERRIAK

Donibane Lohitzuneko ekitaldiak. Agirre lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena


Donibane Lohitzune , 2010/04/08





Agintari askok baieztatu dute egongo direla

Jose Antonio Agirre Lekube Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariaren heriotzaren urteurrena ospatzea xede, AL 50 batzordeak antolatutako jardueren egitarauaren barruan, zenbait ekitaldi egingo dira Donibane Lohitzunen, datorren igandean, apirilak 11.

Omenaldi-ekitaldi horiek 9:30etan hasiko dira: lore eskaintza egingo da Donibane Lohitzuneko Haize Errota hilerrian, bertan baitago ehortzita Lehendakaria. Ondoren, segizioa San Joan Bataiatzailearen elizara joango da (Ithurralde etorbidean eta Gambetta karrikan barrena), eta han, 10:30etan, meza bat ospatuko da, euskaraz eta frantsesez, Donibane Lohitzuneko Arin abesbatzak parte hartuta. Agirre lehendakariaren omenezko ekitaldiak 12:00etan bukatuko dira, haren oroitzapenez ezarritako bustoaren aurrean —Thiers bulebarra—, non aurresku bat dantzatuko baita; Donibane Lohitzuneko auzapez Peyuco Duhartek, Ramuntxo Camblongek (EAJ-PNVren Ipar Buru Batzarreko lehendakari ohia) eta Joxe Mª Muñoak (Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako lehendakariaren ordezkari ohia) hitz egingo dute. Eta bukatzeko, “Agur Jaunak” abestuko da.


©