EU | ES | EN | FR

BERRIAK

Getxo: Jose Antonio Agirre eta Lekube, Getxoko alkate eta Euskadiko lehen lendakariari omenaldia


Getxo, 2010/04/15





Imanol Landa: “Agirre tar Jose Antonio, muturreko baldintzetan eta pentsaera ezberdinetatik, Euskadiren eta askatasunaren alde dena eman zutenen belaunaldi bateko ordezkaririk handiena izan zen”


Getxoko Udalak, Imanol Landa alkatea buru duela, Agirre ta Lekube tar Jose Antoniori, 1931 eta 1933 urteen artean Getxoko alkatea eta Euskadiko lehen lehendakaria izandakoari omenaldia egin dio gaur. Bere heriotzaren 50. urteurrena betetzen denean, erakunde getxotarrak Agirre-Zabala familiak, Getxon izan zuen etxebizitzan, Algortako Miramar kaleko 2garrenean, San Inazioko elizaren aurrean,oroitzapenezko plaka bat ipini dute.


Imanol Landa alkatearekin izan dira Aintzane eta Joseba Andoni, Agirre lehendakariaren seme-alabak, Eusko Jaurlaritzako aurreko lehendakari Juan Jose Ibarretxe, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbao, Getxon demokrazia aldian alkate izandako Jesús Javier Aguirre, Francisco Javier Urrechua, Javier Sarria eta Iñaki Zarraoa, Getxoko Udaleko alderdi politikoen eledun eta zinegotziak (EAJ, PP eta PSE-EErenak) eta euskal politikagintza, instituzio, gizarte eta kulturgintzako ordezkaritza zabal bat.


Gizakien ikuspegitik, Imanol Landak gogora ekarri du Agirre-Zabala familia 1916an Getxora heldu zela. “Beraz, esan du Landak, Agirre tar Jose Antonio 12 urte zituenetik hazi zen gure udalerriaren inguru zoragarri honetan, non bere zaletasunak bete izan zituen, laguna eta emaztea topatu zuen, eta 36an erbestera joan arte, bizileku izan zuen. Futbola, musika eta kantatzeko zaletasunak landu zituen, Biotz Alai abesbatza enbrioi bat baino ez zenean, eta arraunean ere egin zuen gure Abrako uretan. Halaber, bere emaztearekin, Mari Zabala areatar peto-petoarekin zituen tirabirekin eta Athletic eta Arenas taldeen arteko lehia klasikoaz gozatu egiten zuen, finean, gaurko Getxoko errealitatearekin neurri handi batean partekatu eta komunak diren elementuak direla horiek guztiak”.

Agirre tar Jose Antoniok Euskadiko historiarentzat izan duen garrantziaz, Imanol Landak azpimarratu duenez, “adostasunaren eta akordioaren aldeko politikoa izan zen, bere
jeltzale uste sendo sakonetatik ezberdinen artean izendatzaile komuna aurkitu ahal izan zuena, guztien artean, sozialistek, komunistek, abertzaleek eta errepublikarrek osatuta zegoela bere azken egunera arte zuzendu zuen kontzentrazio gobernutik totalitarismoari aurre egiteko. Muturreko baldintza historikoetatik eta pentsaera ezberdinetatik Euskadiren alde, bizitza eta guzti, den dena eman zuten andrazkoen eta gizonezkoen belaunaldi baten ordezkaririk handiena izan zen”.

Agirre tar Josebak, lehendakariaren semeak, bere aldetik eskerrak eman ditu omenaldiarengatik eta aitak izan zuen bizitza tinkoaren pasadizo batzuk gogora ekarri ondoren, baloreei garrantzi handia ematen zien gizona zela azpimarratu du. “Eta, guztien artean, garrantzitsuenak, oinarrizkoak: familia eta euskara”.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak esan duenez “Agirre tar Jose Antonio lehendakari handi bat izan zen, pertsona esanguratsua, euskal herriaren eskubide historikoetan sinesten zuena, euskal Foruetan sinesten zuena, oraindik ere Euskal Herriaren benetako Konstituzioa direla”.

Azkenik, Luis Almansa, PSE-EEren ordezkariak
Agirre lehendakariaren proiekzio historikoa azpimarratu nahi izan du “askatasunean eta demokrazian oinarrituta, bere garaiko beste pertsonaiek bezala, Euskadiren, Espainiaren eta mundu osoaren askatasunaren eta demokraziaren alde lan egin zuena”.


©