EU | ES | EN | FR

BERRIAK

UPV-EHUko Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzko udako ikastaroaren hasiera


Donostia-San Sebastián, 2010/07/01





Astelehenean, uztailak 5, “Nork egiten du historia? “Buruzagitza XX. mendeko politikagintzan. Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrenean” izenburudun udako ikastaroa hasiko da.

AL 50 Batzordeak antolatuta, datorren astelehenean, uztailaren 5ean, 9:00etan abiatuko da Donostiako Miramar jauregian “Nork egiten du historia? “Buruzagitza XX. mendeko politikagintzan”. Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrenean” izenburudun uda-ikastaroa.

Ikastaro berezi bat da, eta Agirre lehendakaria izango du aztergai. Agirre, beharbada Indalecio Prietorekin batera, XX. mendeko euskal politikaririk garrantzitsuena eta eragin handienekoa izan zen. Ikastaroaren helburuak bost dira:

1.- Buruzagitzak prozesu politikoan duen garrantziari buruz gogoeta egitea.
2.- Agirre lehendakariaren buruzagitza eta hark euskal, espainiar nahiz nazioarteko politikagintzetan izandako eragina aztertzea.
3.- Ikuspegi analitikoa zabaltzea, zenbait euskal, espainiar nahiz nazioarteko politikari nabarmenen azterlanen bitartez.
4.- Generoak buruzagitza politikoan duen garrantziaren gainean galdetzea.
5.- Jose Antonio Agirreren pentsamoldeak eta politikagintzak XXI. mendeko politikagintzari zer ekarpen egin diezaioketen aztertzea.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Iñaki Goirizelaia, EHU/UPVko errektorea; Juan Mª Atutxa, Sabino Arana Fundazioko lehendakaria; eta ikastaroen zuzendariak, hots, Ludger Mees (EHU/UPV) eta Xosé Manoel Núñez Seixas (Konpostelako Santiagoko Unibertsitatea) izango dira asteleheneko inaugurazio-ekitaldiaren buru;

Ondoren, hasierako hitzaldia Hans-Jürgen Puhle irakasleak (Frankfurt-eko Unibertsitatea) emango du, “Buruzagitza politikagintzan. Historiatik begiratuta” hizpide hartuta. Gero, José Álvarez Junco (Madrileko Unibertsitate Konplutensea) “Lidergoa buruzagitza eta demokrazia” gaiaz mintzatuko da; eta arratsaldean, 16:00etan, Borja de Riquer i Permanyer-en (Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) saioa, “Negozioak, polítikagintza eta buruzagitza: Francesc Cambóren kasua” hartuta hizpide.

Asteartean, hilak 6, izenburu orokortzat “José Antonio Agirre: karisma, mitoa eta oroitzapena” izango dutelarik, honako hauek mintzatuko dira: goizean, Ludger Mees (EHU/UPV), José Luis de la Granja (EHU/UPV) eta Xosé Manoel Seixas (Konpostelako Santiagoko Unibertsitatea); eta arratsaldean, Iñigo Urkullu (EAJ-PNVren EBBko lehendakaria). Ondoren debate bat egongo da.

Asteazkenean, hilak 7, izenburu orokorra “Euskal eta espainiar politikagintzako lider handiak” izango delarik, jardunaldia goizez bakarrik egingo da. Santos Juliá (UNED) Manuel Azañari buruz mintzatuko da; Susana Tavera (Bartzelonako Unibertsitatea), “Federica Montseny eta XX. mendeko espainiar politikagintzako emakumeen buruzagitza”z, eta Antonio Rivera (EHU/UPV), Indalecio Prietori buruz.

Eta, azkenik, hilaren 8a, osteguna, “Europar eta amerikar politikagintzetako buruzagitzak” gaiaz mintzatzeko erabiliko da”. Martin Baumeister-ek (Munich-eko Unibertsitatea) Hitler, Mussolini eta Franco izango ditu mintzagai; Aurora Bosch (Valentziako Unibertsitatea) “Iparramerikar politikagintzako buruzagitza eta presidentzialismoa: ikuspegi historiko bat” gaiaz mintzatuko da, eta José Mª Faraldo, (Madrileko Unibertsitate Konplutensea), Lech Walesaz eta hark buruzagi sindikala izatetik Poloniako presidente bilakatzeraino egindako ibilbideaz.

Ikastaroaren itxiera-ekitaldia ostegunean bertan egingo da, arratsaldez, 16:30etan, mahainguru batekin: “Politikagintza eta buruzagitza: erantzukizunaren etikaren eta kontzientziaren etikaren artean”, zeinetan parte hartuko baitute José Antonio Ardanza lehendakariak; Juan José Álvarez (UNED –Bergarako zuzendaria eta UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna); eta José María Benegas-ek (PSEko Idazkari Nagusia, Euskal Kontseilu Nagusiko Barne Sailburua eta PSEren diputatua izandakoa).


©