EU | ES | EN | FR

BERRIAK

"Agirre lehendakaria eta haren Gobernuak" erakusketa Getxon


Getxo, 2010/12/20





Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, Eusko Jaurlaritzak erakusketa ibiltari bat antolatu du ‘Agirre lehendakaria eta haren Gobernuak’ izenburupean. Erakusketak Euskadiko hiriburu eta herriak bisitatuko ditu, aurreneko lehendakariaren beraren bizimoduaren gorabeherak erakutsiz, bai eta garai hartako hainbat kontu erakutsiz ere, eta XX. mendean hark zuen nortasunaren garrantzi historikoa eta lan politikoa azpimarratuko ditu.

Erakusketa zentratuta dago II. Errepublikaren garaian, Gerra Zibilean eta frankismoaren garaiko erbestealdian 1960. urterarte. Agirre lehendakaria eta haren ondoan izandako 18 kontseilariak omendu nahi ditu, hain zuzen, nazionalista, errepublikar eta komunisten arteko hiru koalizio-gobernuetan: Gernikakoa, 1936an, Gerra Zibilaren eta Bigarren Mundu Gerraren tragediak bizi izan zituena; Baionakoa, 1946an, Mundu Gerraren ondoan Euskadiratzeko itxaropenari eutsi ziona, eta Parisekoa, 1952an, Frankoren diktadurak ekarritako desengainua jasan behar izan zuena eta Agirreren heriotza goiztiarrarekin amaitu zena.

José Luis de la Granja, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedraduna izango da erakusketako komisarioa. Horretaz gainera, Santiago de Pablo eta Ludger Mees irakasleen lankidetza ere izan da, besteak beste. Erakusketa Fadurako kiroldegian, Getxon, egongo da datorren 2011ko urtarrilaren 9ra arte. Handik Getxo, Gernika-Lumo eta Donostiara eramango dute.

Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena –zeina Pariseko erbestealdian hil baitzen 1960an– efemeride egokia da XX. mendeko Euskadiren ikuspegian haren nortasunaren eta lan politikoaren garrantzi historikoa azpimarratzeko. Agirre ez da bakarrik euskal eremuaz haraindiko mugetan, Espainian eta nazioartean, eragina izandako estatuburu lider karismatiko bat; gainera, iragan mendeko euskal politikaririk handiena da, soilik Bilboko diputatu eta II. Errepublikako ministro izandako Indalecio Prieto sozialista buruarekin konpara daitekeena. Bion arteko elkar ulertzea ezinbestekoa izan zen 1936ko urrian Autonomia Estatutua onartzeko eta lehenengo Eusko Jaurlaritza osatzeko, horrek Euskadiren jaiotza instituzionala ahalbidetu baitzuen, Agirreren EAJren eta Prietoren Fronte Popularraren arteko itunaren ondorioz, alegia.


©