EU | ES | EN | FR

BERRIAK

Jose Antonio Agirre lehendakariaren eskuidazki egunerokoak aurkeztuta


Bilbao, 2010/05/25





POLITIKA / KULTURA SAILEKO
ERREDAKZIO BURUARENTZAT:
Albistegi burua

Jose Antonio Agirre lehendakaria, zuzenean

Sabino Arana Fundazioak haren eskuidazki egunerokoaren edizio faksimilea argitaratu du; naziek okupatutako Europatik Ameriketara ihesi, Lehendakariak bizi izandako gorabeherak kontatzen dituzten bost koaderno dira.

Bilbon, 2010eko maiatzak 25. Sabino Arana Fundazioaren prentsa-bulegoa.

Euskadiko lehenengo lehendakaria, Jose Antonio Agirre Lekube, hil zenetik aurten 50 urte betetzen direlarik, Sabino Arana Fundazioak edizio faksimilean argitaratu du haren egunerokoa; argitalpenean transkripzio bat eta hainbeste ohar argigarri ere gehitu dira. Bost koadernok osatuta daude. Beraietan, naziek okupatutako Europatik Ameriketarantz ihesi, Lehendakaria idazten joan zen oharrak eta bizipen pertsonalak jasotzen dira; zehazki, lehenengo egunean bertan, 1941eko urtarrilaren 7an, hasi, eta idazteari utzi zion eguna, 1942ko maiatzaren 28a, bitartean idatzi zituen. Agirrek urtebete eta erdian egunez egun, egun batean ere huts egin barik, egindako erregistro pertsonal bat da. Argitalpenaren koordinazioaren ardura Iñaki Goiogana historialariaren esku egon da.

"4:15ean jagi naiz; Araujo Dk.arekin gosaldutakoan, 4:40an geltokirantz abiatu naiz" idatzi zuen Lehendakariak 1941eko urtarrilaren 7 hartan, Bruselan Hanburgorako trena hartu zuen egun berean, eta halaxe ekin zion nazien jazarpenetik ihes egiteko lasterketa luzeari.

Baina, Agirre lehendakariaren egunkaria data, geltokia, itsasontzi, hiri eta abarren hurrenkera bat baino gehiago da. Orrialde horietan barrena irakurleak zehatz-mehatz jakingo du Lehendakariak Belgikatik eta amerikar kontinenteraino egindako ibilbidea, zeregin horretan nork lagundu zion jakingo du, hegoamerikar diplomazialari batzuen konplizitatearen eta beste kontu askoren berri izango du, besteak beste: Atlantikoa zeharkatzeko izan zituen eragozpenak; Uruguayn eta Argentinan egin zioten harrera; Columbiako Unibertsitateko irakurle-postua; britainiar eta estatubatuar zerbitzuekiko harremanak, Agirre Zabalatarren famili bizitzaren zati batzuen berri ere emateaz gain.

Euskal herriaren borrokaren aldeko sostengua

Europan eskuineko eta erdiko alderdirik gehienak talde nazi-faxisten eskutan erori zirenean, EAJ, Errepublikaren urte baketsuetan erabat berritu eta gaztetutako zuzendaritza zuela, sasoi hartako katolizismo politikoko aukera demokratiko eta sozialki aurreratuenen alde agertu zen. Jacques Maritain-ek, Luigi Sturzok eta maila horretako beste zenbait pentsalari eta ekintzailek goraipatutako ideiekin bat egin zuen abertzaletasun jeltzaleak.

Ezbairik gabe demokraziarekin lerrokatu izanak, pentsalari kristau-demokrata horiek gerra zibilean euskal herriaren borrokaren alde jartzera eraman zituen, baina baita II. Mundu Gerran euskal abertzaletasunak, Agirre lehendakaria bide-erakusle, AEBetan iparramerikar administrazioarekin komunikatzeko bide bat aurkitzera ere, hain zuzen ere nazi-faxismoaren eta falangismoaren aurkako gerra irabazteko ahalegin bateratuan laguntzeko.

Agirre eta potentzia aliatuen agenteen arteko harreman horiek ere azaltzen dira aurkezten ditugun kaier hauetan. Baita euskal presidenteak -baikor erremediobakoa- haietan ipinitako itxaropenak ere.

Bestalde, Agirrek eskuizkribuotan ez dihardu zuzenean independentziaz, baina bai aipatu, dioenean, besteak beste: "Arratsalde osoa eman dut Estévez y Romeroren 'Desde el Zanjón hasta Baire' izenburuko liburua irakurtzen. Kubatarren askatasunaren eta iraultzaren arteko martxa da". Euskal arazo nazionalaren eta kubatarraren arteko konparazioa ezin nabariagoa da. Eta emaitzarekiko fedea ere bai. Aipua zera esanez amaitzen du: "Besteei gertatzen zaien bezala. Dena da berdin. Emaitza ere bai ".

Agirre lehendakariaren 50. urteurrenean, haren eskuidazki egunerokoaren edizio faksimileak, euskaldunek II. Mundu Gerran izan zuten parte hartzeari buruz argi gehiago egiteko balio behar du, haien buruzagi nagusiaren pentsamoldearen gaineko informazio gehiago emateaz gain.

Argitalpen honen bidez asmoa da, ikertzaileei eta , oro har, jendeari lehen mailako dokumentu bat helaraztea. Zehaztasuna bilatzearren paratu da edizio faksimilea; gainera, hobeto ulertzen lagundu nahirik, ohar argigarrien atal bat erantsi da. Era berean, eskuidazkiaren informazioa osatzeko, beste 31 dokumentu erantsi dira; gehienak gutunak dira, baina elkarrizketa batzuk eta prentsa-artikuluren bat ere badaude. Eranskin horik guztiek zerikusi zuzena dute bost ohar-kaieretan kontatzen denarekin eta Lehendakariak, 1945ean Europara itzuli aurretik, Ameriketako lurretan bizi izandakoarekin.

Argitalpen honen koordinatzaileak, Iñaki Goiogana historialariak, adierazi bezala, "Agirreren eskuidazki eguneroko hauek beraren bizitzako 17 hile bakarrik hartzea deitoratu besterik ez zaigu geratzen. Egunkariok irakurritakoan, zelan igartzen den Agirrek halako gehiago idazten jarraitu ez izana!

Agirre lehendakariaren egunerokoaren aurkezpen-ekitaldia, haren heriotzaren 50. urteurrena oroitzeko, AL50 Batzordea antolatzen ari den jardueretako bat da.

Agirreren egunerokoa Interneten ere bai

Agirrek eskuz idatzitako orrien edizio faksimilea argitaratzearekin batera, Agirre Batzordeak, Lehendakariaren pentsamoldea ezagutarazteko izandako ekimenaren barruan, haiek web-erako bertsioan ipintzea dago.

http://www.lehendakariagirre.eu orriko Testuak sailean eskuratu ahal da erabiltzaileak modu errazean nabigatzeko aplikazioa; egutegiaren bitartez ibiliko da eskuidazkiaren orrietan zehar, eta eroso-eroso irakurriko du transkribatutako testua, eta erantsi diren ohar argigarriak kontsultatuko; gainera, une oro jatorrizko orrialdeen irudiak begien bistan izateko aukera ere edukiko du. Informazioa testu librez bilatzeko aukera ere badago, baita dokumentu erantsien atalean sartzekoa ere, egunerokoak euren testuinguruan hobeto kokatzeko, horrek guztiak balio erantsi bat ematen diolarik. Eta dena pantaila bakar batean


©