EU | ES | EN | FR

BERRIAK

Columbiako Unibertsitateak (New York) gorazarre Jose Antonio Agirreri


Nueva York, 2010/11/12





Columbiako Unibertsitateak (New York) gorazarre ospatsu eta hunkigarri bat egin dio Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirre Lekuberi. Joseba Agirrek, Agirre lehendakariaren semeak, sendiko beste kide batzuekin batera, plaka oroigarri bat jaso du Columbiako Unibertsitateko Europar Ikaskuntzen Institutuko zuzendari Victoria De Grazia andrearen eta Ikaskuntza Latinoamerikarren eta Migrazioari buruzko Foroko zuzendari José C. Moya jaunaren eskutik. Plaka ematea, AL50 Batzordeak, Barnard Collegeren Migrazioari buruzko Foroarekin eta Columbiako Unibertsitateko Europar Ikaskuntzen Institutuarekin elkarlanean antolaturiko ekitaldi akademiko baten atarikoan izan da.

Zeren, Sabino Arana Fundazioko zuzendari Irune Zuluagak gogoratu bezala, “Lehendakaria irakasle izan zen berton (Columbiako Unibertsitatean, 1942 eta 1945 bitartean). XX. mendeko 40ko hamarkadako lehenengo urte haietan AEB, eta bereziki Columbia, Lehendakariarentzat askatasun-lurra izan zen, bai halaber printzipio eta balio demokratikoen berrespenarena eta bakearekiko konpromisoarena”.

Horrexegatik, bada, AL50 Batzordea aurtengo urtean zehar antolatzen ari den gomuta-ekitaldi guztien artean, “Unibertsitateak ere leku berezi bat eduki behar zuen, Agirre lehendakariak pertsonarengan, haren heziketan eta ideiek eta ezagutzak gauzak eraldatzeko duten gaitasunean sinesten zuelako. Eta haren gobernuaren lehenengo erabakietako bat —ez dezagun ahaztu testuingurua: gerra zibila eta lurraldearen heren bi etsaiak militarki hartuta— euskal unibertsitate publiko bat sortzea izan zelako”.

Irune Zuluagak eskerrak eman ditu berriro,“orain dela 68 urte, oso inguruabar zailetan, abegi egin zenigutelako, ideiak eta balioak partekatzeagatik eta gure lehenengo lehendakariarenganako aintzatespen horrengatik”, baita ondoren egindako jardunaldiagatik ere.

“Europako abertzaletasunak diasporan”

Ekitaldi akademikoan, zeinen izenburua “Europako abertzaletasunak diasporan: atzerrira emigratutako euskaldunen, kataluniarren, galiziarren, irlandarren eta poloniarren aktibismo politikoa” izan baita, Ludger Mees EHUko Historia Garaikideko katedradunak Lachenicht eta Heinsohn-en tesia aldeztu du, hau da, “kosmopolitismoa eta nazionalismoa elkarren kontrako kontzeptu bi izanik, erbestaldi- edo diaspora-egoeretan ezinbestez elkarren osagarri direla”.

Meesen aburuz, “XIX. mendean eta XX.aren hasieran amerikar kontinenteko herrialdeetarantz agitu zen euskal emigrazio-olde handi batek indartu egin zue,n lehenagotik euskal gizalde ugarik bereganatutako proiekzio kosmopolita hura, gutxienez kolonia-garaietatikoa, hain zuzen ere Monarkiaren kolonia-administrazioan ardura handiko postuetan lan egiten ari zirenez gero”.
Hori dela-eta - dio Meesek-, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren ondorioz gertatu zen bigarren immigrazio-oldeko protagonistek euskal diasporaren erkidetasun-sare haiek baliatu ahal izan zituzten, hala abegi-herrialdeetan integratzea errazteko, nola euren identitate-loturei eutsi zein indartzeko”.

EHUko katedradunaren hitzaldiak euskal abertzaletasunak eta bere ingurune kosmopolitak erbestaldiaren garai desberdinetan izan dituzten harremanak azaltzea izan du gai nagusi. Ildo horretan, arreta berezia ipini dio Jose Antonio Agirre lehendakariaren ibilbideari, izan ere hura, harik eta 1960an hil zen arte, “abertzaletasuneko ezbairik gabeko liderra ez ezik, abertzaleak ez ziren beste euskal herritar askorena ere izan zen”. Meesek nabarmendu du, Agirre erbestaldian “hiru metropoli handitan bizi izan zela, hurrenez hurren: Bartzelona, Paris, New York eta berriro Paris. Nahiz eta leku horietako bakoitzean testuingurua, geopolitikoa ere bai, desberdina izan, Agirrek eta bere jaurlaritzak, aldez aurretik eratutako sare sozio-politiko batzuen sostengua baliatu ahal izan zuten, halako eraz ezen, abertzaletasunak erbestean egindako politika ezin ulertu daitekeen, euskal diasporek Bartzelonan, New Yorken eta Parisen zituzten ezaugarriak kontuan hartu gabe”.

Ludger Messez gain, Agirre lehendakaria omentzeko elkarraldi horretan, baita parte hartu dute ere Xosé Manoel Núñez Seixas Konpostelako Santiagoko Unibertsitateko Historia Garaikideko katedradunak, zeinek “Kataluniar eta galiziar nazionalismoak Kuban eta Argentinan” gaiaz hitz egin baitu; David Brundagek, Kaliforniako Unibertsitatekoa berori, zeinek Estatu Batuetako 1798-1998 bitarteko irlandar nazionalistez jardun baitu; eta Connecticut-eko Estatu Unibertsitate Nagusiko M. B. Biskupskik, zein “Polonia asmatu bat: emigratuen ikuskerak” gaiaz mintzatu baita.

Núñez Seixas eta kataluniar eta galiziar abertzaletasunak

Núñez Seixasek bere hitzaldian adierazi du,“kataluniar eta galiziar abertzaletasunak, ezaugarri ideologiko eta jatorri intelektual nahikoa antzekoek markaturik bazeuden ere, oso bide desberdinetatik joan zirela”.

Núñez Seixasek zera azaldu du:“kataluniar mugimendua 1914tik aurrera masa-mugimendu bilakatu zelarik, Estatuko politikaren bilakaeran ere eragin handia edukiz, galiziar nazionalismoak 1930eko hamarkadara arte itxaron behar izan zuela, gizarte-sostengua handitzen ikusteko”. Hala ere —esan du—, “mugimendu bion dinamikek beraien diasporetan elementu erkide gehiago erakusten zituztela desberdintasunak baino“.

Xosé Manoel Núñez Seixasek erantsi du,“kataluniarrak Estatu espainoleko emigranteen artean gutxi samar ziren amerikar kontinentean, eta galiziarrak, ostera, ia ehuneko berrogeita hamar ziren. Eta mugimendu biek modu desberdinetan erreakzionatu behar izan zuten, planteatzen zitzaizkien erronken aurrean: bateko, gizarte latinoamerikarretan immigranteak zuen irudia eta immigranteen komunitateetan zeuden buruekin agitutako lehia, eta, besteko, 1939az geroztik errepublikar erbesteratuak iristearen ondorioa”.


©